“Jolaslekua piztu!” proiektua Fleming eskolan

Arrakasta handia izan du “Jolaslekua piztu!” proiektuak Villabonako Fleming Herri Eskolan, haur hezkuntzako eraikinaren patioa eraldatu dute auzolan baten bidez. Erabateko elkarlana izan da hasieratik: irakasleek patioa berritzeko proiektu pedagogikoa diseinatu dute eta guraso batzordeak beharrezko kudeaketa guztiak egin ditu (udalarekin harremanak, material eta errekurtsoen gestioa, baimenak,…). Bolondresak eskatu dira eta partehartzaile guztiei proiektua azaldu zaie. Azkenik, auzolan baten bidez burutu da.

Proiektu hau ez da txukunketa huts bat izan, patioa gune hezitzaile aberats bat bihurtzea izan baitu helburu, haurrei beraien benetako beharrak modu egokiagoan asetuko dituen jolasleku erakargarriagoa sortuz: gune naturala, arbela, rokodromoa, slackline, panel sentsoriala, lur jolasak, pilotalekua, gurpilak, kulunpio erraldoia… Beraien benetako beharrak asetzeko, prozesu psikomotoreak indartzeko, harremanak sustatzeko, emozioen bizipenak pizteko, sormena bultzatzeko… elementu berriak eskaini nahi izan dizkiete ikasleei. Patioa eskolako beste gune hezitzaile garrantzitsu bat gehiago da, nolabait ikasgeletan egiten denaren luzapena eta jangelako garaian ere erabiltzen duten espazio garrantzitsua.

Jolaslekua hobetzeaz gain, eskola komunitate osoak parte hartu zezakeen proiektu “bizia” sortu nahi izan dute, elkarlana eta kolaborazioa bezalako baloreak indartuz. Horregatik, proiektua aurrera eramateko erabili duten prozedura proiektuaren beste berezitasun garrantzitsua izan da, auzolanaren bidez, familia eta irakasleen inplikazioarekin burutu baita dena, eta horrek balio bikoitza eman dio proiektuari, patioa bera eraldatzearen helburuaz gain, elkarren arteko harremanak sendotzeko bidea abiatu baitute.

Eskuorri baten bidez proiektua aurkeztu zitzaien familiei, parte hartzera animatuz. Ondoren bolondresekin bilera bat egin zen proiektua eta antolaketa azalduz. Auzolanerako taldetxoak sortu ziren, egin beharreko edukien arabera eta talde bakoitzean arduradun bat jarriz (gune naturala, margoketak,…). Irakasleei klaustro batean azaldu zitzaien proiektua, bolondresak eskatu eta bilera batean auzolana antolatu zuten. Irakasleek haurrekin egin beharreko tailerrak antolatu zituzten bereziki.

Auzolan eguna “lan eta festa” giroko eguna bihurtu zen. Helduak patioaren berrikuntzan lanean zeuden bitartean, haurrak festa giroan murgildu ziren jolas eta tailerretan parte hartuz. Guztiek bat egin zuten lan eta festa giroan, elkarlana eta giroa benetan hunkigarria eta gozagarria izan zirelarik! Hamaiketako eder bat ere egin zuten eta bideo baten grabaketa burutu zen.

Patio berriari “Xaxi Parkea” izena eman zaio. Xaxi eskolako iratxo bat da, euskararen bultzatzailearen sinboloa. Haurrentzat oso esanguratsua denez, bere irudia margotu dute.

Auzolanaren emaitza zentzu guztietan oso ona izan denez auzolan gehiago egiteko gogoa piztu zaie, eta hori benetan aberasgarria dela uste dute. Patioa garbi eta txukunago dago, paretak margotu egin dira eta haurrentzako gune berriak sortu dira: gune naturala, rokodromoa, panel sentsoriala, gurpilak, slackline,  arbela… Orain ez dago baloirik patioan eta haurrek ez dute faltan botatzen.

Parke berriaren emaitzak lehen egunetik nabaritu dituzte. Haurrak oso pozik joaten dira jolasleku berrira eta beraien arteko harremanak izugarri hobetu dira; jolaslekuan lehen sortu zitezkeen liskarrak nabarmenki gutxitu dira eta haurrak askoz modu aberatsagoan jolasteko aukera dute orain.

Compartir.