Maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren aurkako nazioarteko eguna da eta STEILAS sindikatuko LGTBI+ lan taldeak IRAULTZEKO PREST unitatea didaktikoa prestatu du.
Honela azaltzen dute unitate didaktikoaren helburua: “Azken urteetan LGTBIQ kolektiboak, amaitu ez den borroka etengabe bati esker, gure izaera eta sexualitatea era askean bizitzeko esparru ezberdinak irabazi ditugu. Hala ere, lan izugarria dago oraindik egiteko. Ezin dugu ahaztu, zoritxarrez, LGTBIQ kolektiboan pertsona askok, arrazoi bategatik ala beste bategatik, ezin dugula geure izaera eta sexualitatea askatasunean garatu.
LGTBIQfobiaz ari gara hizketan, nola ez. Une oro inguratzen gaituen heteroarau zurrunenari buruz, azken finean. Jaio aurretik ere heterosexualak izango garela aurreikusten duen araua. Neska eta mutiletan, femeninoan eta maskulinoan banatzen gaituen araua. Sexu-genero banaketa horren ondorioz rol konkretu batzuk esleitzen dizkigun araua. Eta ez gaitezen egokitu ez zaigun horretan sartu, ez baitagokigu. Heterosexualak gara, mutil maskulinoak edo neska femeninoak, ez gaitezen okertu. Ez gaitezen okerreko bidetik joan.
Hala eginez gero, heteroarauaren inguruan sortu dugun eta, konturatu ala ez, guztiok etengabe erreproduzitzen dugun sistema soziokulturalak baztertu egingo gaitu. Gure orientazio afektibo-sexual (ustez) okerragatik. Gure genero-adierazpen (ustez) okerragatik. Gure genero-identitate (ustez) okerragatik. Jaio aurretik markatutako bidetik ateratzeagatik.
Egoera horren aurrean, sistema soziokultural hori zalantzan jarri eta heteroarauak guztiongan nola eragiten duen hausnartzeko sortutako materiala da IRAULTZEKO PREST unitate didaktikoa”.