Gorputza eta emozioak ezagutu, zaindu eta erregulatzeko egitasmoa lantzen ari dira Beasaingo Murumendi eskolan

Beasaingo (Gipuzkoa) Murumendi ikastetxe publikoa, Amara Berri Sistema erabiltzen duena, azkeneko hiru urteotan berritzailea den “Haurregu” izeneko egitasmoa garatzen ari da. Ikaslea ardatz hartuta eta eguneroko pedagogi jardueraren protagonista zentrala izanik, ikasleen garapen integrala, ikaskuntza emozionala, soziala eta kognitiboa kontuan hartzen dira egitasmo honetan.

Emozioen eta hezkuntzaren esparruan, UPV/EHU-ko Psikologia Fakultateko irakaslea den Aitor Aritzetak eta Qualiker ikerketa taldeko kidea dena, azken urteotan aztertu du nola heziketa emozionalak haurraren garapen integrala bultzatzen duen, nola adimen emozionalak osasuna eta gizarte egokitzapena hobetzen duen eta nola ikasleen artean emozioen erregulazioa beraien ongizatea eta errendimendu akademikoa hobetzen dituen.

Ikerketa lerro honi jarraipena emateko asmoz, azkeneko hiru urtetan Murumendin lehen hezkuntzako hiru zikloetan zabalduta eta ezarrita zegoen eta oso emaitza onak eman dituen Biofeedbackeko egitasmoari -non arnasketa eta bisualizazioa lantzen diren, haurrari momentuko bere gorputzaren estres mailaren informazioa ematen zaion-, aurten, 2018/2019. ikasturtean Mindfulness Birtualaren egitasmoa gehitu zaio aurrekoari.

Mindfulness Birtualaren egitasmoan 3. zikloko ikasleentzat diseinatu da eta hiru ekintza nagusi ditu: mindful eating-a, arreta osoa lantzen duen errealitate birtual lasaigarria eta gidatua eta talde erlaxazioa.

Mindful eating-eko ekintzan haurrek lau saioen zehar (4 urtaroetan) lau elikagai desberdin lantzen dute bere arreta osoa erabiliz eta zentzumen guztiekin aztertuz modu gidatuan. Ekintza honekin elikagaien kontzientzia maila piztea bilatzen da, haurrek elikagaiekin duten harremana aztertu dezaten, jangelan edota etxean modu kontzienteago batean jateko eta bere gose edo asetasun mailaren kontzientzia handitu dezaten, jaten dutenaren ardura handituz.

Errealitate birtualeko ekintzan betaurreko birtualak erabiltzen dira 4 urtaroen zehar bidai bat egiteko, urtaro bakoitza gaitasun desberdin bat lantzeko diseinatu da; a) udaberria: erlaxazioa; b) udara: energia; c) udazkena: poza eta d) negua: arreta. Urtaro bakoitzean ahots lasaigarri batek gidatu egiten du haurra, bere estres fisiologikoa neurtzen den bitartean (biofeedback).

Talde erlaxazioa amaierako ekintza da eta haurrek 4 ekintza egiten dute ere. Ekintza bakoitzean arnasketa kolektiboa lantzen da 3 aldiz begiak itxita eta ahots lasaigarri batek gidaturik. Ekintza honetan tutoreek ere parte hartzera gonbidatuak izaten dira.

“Haurregu” egitasmoak orain arte emaitza oso onak erakutsi ditu haurren estres fisiologikoa gutxituz, beraien arreta mailak handituz eta osasun mentalarekin eta harreman sozialekin hainbat indikatzaileak hobetuz (Aritzeta, Soroa eta Aranberri, 2018).

Erreferentziak:

Aritzeta, A., Soroa, G. eta Aranberri, A. (2018). Haurren arretaren eta ongizatearen sustatzea Biofeedback bidezko esku-hartze programa bat erabiliz. Tantak, 30 (2), orr.(zehazteke).

 

Compartir.