Arabar Errioxako eskola publikoak Legebiltzarrean

Joan den urtarrilaren 23an, Arabar Errioxako eskola publikoko hezkuntza  komunitate ordezkaritza bat (familiak, ikasleak eta irakasleak) Euskadiko Legebiltzarrean izan zen. Saio berezia izan zen, izan ere, ohikoak diren errolak alderantzizkatu ziren, alegia, politikariek gure hausnarketetatik eratorritako ondorio eta proposamenak jaso zituzten.

Ibilibidea luzea izan zuten aurretik, Bastida, Guardia eta Oiongo Ikastetxe publikoak hezkuntza hobetetzeko prozesuan murgildu ziren. Hezkuntza komunitate osoa, hezkuntza sistemaren inguruan eztabaidatu, ideiak partekatu, hausnartu… ondoren nolako eskola eredua nahi duten aldarrikatzeko manifestu bat sortu zuten. Prozesu honetan guztian, Euskadiko eskola Kontseiluko lehendakaria den Nelida Zaitegi bidelagun eta gidari izan zuten.

Oiongo eskolan, zuzendaritza talde berria izanik, aukera hau probestu nahi izan zuten Hezkuntza komunitatea osatzen duten kide ororen iritzia jasotzeko. Erronka honek guztiak, agente guztien inplikazioa bermatzea suposatzen zuen, horrek dakarren lan karga handiarekin, baina beraien lehentasunak zehazteko bide eman zien ere.

Prozesuaren lehen urratsa, irakasleek egin zuten: Hezkuntza hobekuntza proposatzen zuten zenbait gai aukeratu, bideo grabazio bat prestatu eta osoko bilkuran zonaldeko irakasleak elkartu ziren, jakintza, kezkak zein iritzi ezberdinak partekatzeko. Esperientzia aberasgarria izan zen 80 lagun inguru Eguren Ugarte upategian bildu zirelarik Arabar Errioxako hezkuntza eredua hobetze aldera.

Familien txanda etorri zen gero. Horretarako eskola guztietako guraso elkarteek parte hartu zuten. Ekimen ezberdinak antolatu ziren beraien iritziak jasotzeko, besteak beste, inkestak, world kafeak eta asanbladak. Familiek ere, Arabar Errioxan zer nolako hezkuntza eredua nahi duten jaso zuten manifestu batean.

Bukatzeko, ikasleak izan ziren hausnarketa burutu zutenak. Espreski diseinatutako Unitate Didaktiko batzuen laguntzaz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailako ikasleek bere nahiak, interesak eta desirak zeintzuk diren adostu zuten. Horren aurkezpen gisa, sortutako produkzioak erakusketa batetan bildu zuten gabonetan zehar.

Udalek ere parte hartu zuten, proiektu honen talde bultzatzaileetako herrietako 3 alkateek beraien partaidetza agertu zuten burututako ekintza bakoitzean.

Legebiltzarreko hitzorduak, amaiera eman zion proiektuari. Prozesuak berak, hezkuntza komunitatearen helburu garrantzitsu bat bete badu ere, alegia, hezkuntzaren inguruan hausnartu, hitz egin eta iritziak jaso, jarraipena bermatzeko beharra ikusten dute, agente bakoitzari dagozkion konpromezu eta ardurak bete daitezen. Hortaz eta egoera honen aurrean, eskualde mailako hezkuntza foroa sortuko da, bere errealitateak duen konplexutasunaren aurrean sortzen diren arazoei aurre egin nahian. Kalitatezkoa eta ororentzat ezberdintasunik ez duen hezkuntza sistema baten premia eta desira dutelako.

Compartir.