Jarduera hezigarria San Andres eskolako jangelan

Eibarko San Andres eskolan ikasleen lankidetza sustatzeko jarduera hezigarria abian jarri dute jangelan ikasturte honetan. 6. mailako ikasleek txikien zaintzan laguntzen dute eta 5. mailakoek mahaien bilketa eta garbiketan.

Eskolan jangela erabiltzen duten haurren kopurua handia da, 335 haur inguru. Jangela ez da txikia baina hala ere 3 txanda egin behar izaten dituzte. Horrek umeen bazkaltzeko denbora mugatzen du. Bestalde, bazkaldu eta gero jangelan ahalik eta denbora gutxien egotea garrantzitsua iruditzen zaie, haurrak egonean egoteak zarata eta gatazkak sortzen baititu.

Hori guztia saihesteko, gutxigorabehera ikasleen erdiek jan dutenean  jangelatik jolastokira ateratzen dira. Begirale bat gelditzen da bukatu ez dutenekin. Honek, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasleek jolastokia partekatzea ekartzen du eta aberasgarria da denentzat.

Haur hezkuntzako taldeetan ordea, txikiek laguntza gehiago behar dutenez, begirale bakar batek ezin ditu  haurren erdia behar bezala zaindu. Horregatik sarritan ez dute lortzen jan ondoren  ikasleen erdia jangelatik ateratzea.

Bi gauza horiek kontutan izanik, nagusiek jangelan laguntzea bururatu zitzaien. Lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleak aukeratu zituzten “laguntzaile” izateko, 6ko taldeak egiten dituzte eta hilero egiten da talde aldaketa. Lan boluntarioa da eta edozein momentutan utzi dezakete, bilera batean adostu zuten jangelan zein paper betetzen duten eta egutegia. 12:20etan jaisten dira jantokira eta 13:10etan bukatzen da beraien zeregina (gelara igotzen lagundu, begiraleek komunera eramaten dituzten bitartean umeak zaindu eta jolastokira igotzeko laguntza eskaini). Ikasleak oso gustura dabiltza eta txikiek ere nagusiekin harremantzako aukera eskertzen dute.

Hasiera batean begirale guztiei ez zitzaien ideia ona iruditu ikasle nagusien laguntza, batzuk  traba bezala ikusten baitzuten. Baina berehala ohartu ziren begi eta esku gehiago zirela laguntza emateko eta hori ona zela.

5. mailakoek ere laguntzeko gogoa azaltzen zutenez boluntarioen beste zerrenda bat egin zen. Hauei jangelan mahaiak ipini eta bukaeran mahaiak garbitzea proposatu zitzaien. Erantzuna oso ona izan zen eta ia ikasle guztiek eman dute izena. Jarduera hauen helburua elkarbizitza, lankidetza eta garbitasun ohiturak lantzea da.

Compartir.