Ikasle bitartekariak Luis Briñas-Santutxun

Luis Briñas-Santutxu ikastetxeak eta AMEKADI elkarteak  ikastetxean sortzen diren gatazkak kudeatzeko proiektu bat sortu dute. Elkarrekin bildu ondoren, beharrak eta ezaugarriak batu zituzten eta proiektu berezi bat diseinatu zuten denen artean, eskola komunitatea osatzen duten pertsona gehienetara  iristeko helburuarekin.

Honela urtarriletik aurrera 5. Mailako umeekin astean behin emozioak, enpatia eta komunikazio erreminta ezberdinak landu zituzten eta bide batez bitartekari izan zitezkeen ikasleak hautatu zituzten Amekadi, tutore eta ikasketa buruaren artean.

Bitartekari talde oso heterogeneoa sortu dute, izan ere, lan hau egiten duten mutil eta nesken ezaugarriak oso ezberdinak izan daitezke. Batek lidergo papera izan dezake, beste batek berriz entzuteko ahalmen bikaina, besteak ordea bakarrik dagoena segituan detektatzeko erraztasuna… baina guztiek laguntzeko eta ikasteko izugarrizko gogoak.

Askotan nahastu ohi dira bitartekariek dituzten betebeharrak eta hori ere asko landu dute bitartekari bai beste ikasleekin eta noski baita gurasoekin ere. Argi eta garbi jakin behar dute beraiek ez direla gatazketan sartzen. Bitartekariek, gatazkak dituzten ikaskideei laguntzen die, inoiz ez dira baten edo bestearen alde kokatzen. Gertatu denari buruz hitz egiteko aukera ematen diete gatazkan parte hartu dutenei eta gero denen artean konpontzeko aukera ezberdinak aurkitzen saiatzen dira.

Programa honen berezitsaun nagusia berdinen arteko lana da.

Astean behin ikasle hauekin batzen dira, izan dituzten gatazkei buruz hitz egin eta nola bideratu ditzaketen lantzeko. Formakuntza berezi bat jaso dute bitartekaritza saioak ongi gidatzen ikas dezaten… eta horretan ari dira gogotsu.

Bestalde oso interesgarria eta beharrezkoa iruditu zitzaien lehenengo batzarretan irakasle eta jantokiko begiraleekin ere lan egitea. Hori dela eta, gatazken kudeaketa positiboki  lantzeko formakuntza berezi bat jaso dute bi talde hauek.

Maiatzaren bukaeran ADOSTOKIA ireki zuten. Ikasleek harrera oso positiboa egin diote txoko berezi honi. Zonalde argitsu bat aukeratu dute, lurrean alfonbra koloretsuekin, mahai baxu eta kuxinez bete eta toki  eroso bat sortu dute. Gatazkei buruz hitz egiteko, erlaxatzeko, pentsatzeko eta noski bitartekaritza saioak egiteko erabili daiteke Adostokia. Luis Briñas Santutxun gatazkei buruz daukaten ikuspuntua aldatzen ari dira: Gatazkak aukera bezala bizitzea, eta hauek suertatzen direnerako erreminta eta estrategia ezberdinak izatea era egokian kudeatu ahal izateko.

Compartir.